viernes, 15 de mayo de 2009

7. ARIKETA: Publizitatearen Mugak

Klasean, publizitatearen efektu bereziei buruz hitz egin dugu. Hauek, publizitatearen helburuetatik at ematen diren efektuak dira. Horregatik, publizitatearen gaineko kontrola zorrotza da. Honekin zerikusia duen praktika bat proposatu zaigu aste honetarako.

Fernando Trías de Bes-ek "El Pais Semanal"-en 2005.urtean publikatutako Los límites de la publicidad artikulua irakurri dugu. Ondoren, bost galderetan oinarritzen den hausnarketa bat planteatu digu irakasleak:

1. Zergatik da kaltegarria iragarki bati egindako salaketa bat, funtsik gabeko salaketa izanda ere?

Iragarki bati egindako salaketa, funtsik gabekoa nahiz funtsaduna, argitaratzen den momentu beretik marka horren irudia kaltetuko luke. Ondorioz, iragarleak salatua izan den iragarkia aldatu edo egokitzapenak egin beharko lituzte. Honek, alde batetik, denbora galera ekarriko zukeen; iragarkia denbora tarte batez emititu gabe geldituko litzatekeelako. Eta bestetik, galera ekonomikoak ere emango liratezke; lehen aipatu dudan bezala, iragarkia aldatu edo egokitzea kostu bat duelako. Kontuan hartu beharrekoa da publizitatearen mundua oso arin doala eta judiziala, aldiz, motela dela.

Beraz, jendearen buruan marka baten inguruko irudi txarra sortzeaz gain, isun ekonomikoa jasotzearen arriskua ere badago.

Aurreko kontuak direla eta, iragarleek haien produktua inor kaltetu gabe iragarri behar dute. Hau da, efektu bereziak kontutan hartu behar dituzte haien iragarkiei salaketak egin ez ditzaten. Horregatik Trías de Bres-en testuan aipatzen den bezala, Autocontrol erakundeak egoera hauek aurreikusteko sortuta dago. Modu honetan, gero eta zorrotzagoa den gizarte honetan, erakunde honek salaketa hauek aurreikusteko abantaila eskaintzen du.

2. Publizitatean murrizten dena telebista eta beste medioetako edukien barruan onartuta dago, sexua eta biolentzia, kasu. Zer dela eta diskriminazio hau? Orokorrean zergatik da legea zorrotzago publizitatearekin eta ez hainbeste edukiekin?

Testuan esaten den bezala, telebistan (eta beste medioetan ere) saltzen dutena sexua, biolentzia, beldurra... bezalako elementuak dira. Batez ere zinean, pelikuletan eta telesailetan sexua eta biolentziaz baliatzen dira ikusleak erakartzeko. Freud-en teoriak dio bizitzeko pultsio (Eros) eta hiltzeko pultsioen (Tanatos) bidez gauzatzen dela bizitza. Gure egoerara aplikatuta, bi hauek gizakiarengan betidanik eragina izan duten elementuak direla esan dezakegu. Izan ere, artista postmodernoek sexua eta biolentziarekin "artelanak" egiten dituzte. Adibidez moduan, Quentin Tarantinoren edozein pelikula hartu dezakegu.

Nire uste apalean, aisialdirako medioak direlako legezkoa da elementu hauetaz baliatzea. Hau da, ez gaitu inor "Pressing Catch" edota "Sexo en Nueva York" ikustera behartzen. Gure denbora librean egindako ekintza bat delako gertatzen da hau.


Baina publizitatearen kasuan, gizarte guztiarengan eragina duen komunikazio ekintza bat denez, kontrol gehiago eta zorrotzagoa jasan behar du. Hala ere, testuan aipatzen den moduan, ironikoa da tabakoa eta alkohola bezalako produktuak publizitatean murriztu behar izatea eta kirol edo ekitaldi kulturaletan babesle bezala agertzea. Are gehiago, ohiko publizitatean ezin badira iragarri eta gure osasunerako hain kaltegarriak badira, zergatik saltzen dituzte? Gizartean ikusita dagoen ekintza erretzea eta edatea bada, zergatik ezin dira publizitatean islatu?

Kirolen kasuan, hona hemen Enzo Ferrari-k sponsorizazioaren inguruan esandako esaldi esanguratsu bat:

" Siempre he dicho que la única publicidad que admito es la que contribuye a la evolución técnica de los coches de carrera. Las marcas que aparecen sobre la carrocería de los Ferrari, la Good Year, la Agip, la Olivetti, la Longines, ofrecen una esponsorización técnica y pueden, es más, tienen el derecho de aparecer."
"Malboro es una marca de tabaco, pero, yo no fumo y mis coches tampoco."


3. Egileak iragartzea debekatuta dagoena saltzea zergatik debekatuta ez dagoen galdetzen du. Zein da zure iritzia? Bidezkoa da? Paradoxikoa?

Aurretik aipatu dudan bezala, bai, egoera hau bi ikuspegi ezberdinetan paradoxikoa da.

Alde batetik, gure osasunerako kaltegarriak diren produktu batzuk ezin badira iragarri (alkohola eta tabakoa kasu), ez dut ulertzen nola legez saltzea onartuta dagoen.

Bestetik, gure gizartean asko kontsumitzen diren produktuak badira zergatik ezin izango dira iragarri?

Nire ustez, medikamenduen publizitatean egiten den bezala egin beharko litzateke produktu hauekin. Iragarkiaren ostean zure osasunerako kaltegarria den substantzia dela esaten duen ohar handi bat jartzea, hain zuzen. Horrela, gure gizartean ohikoa den ekintza bat ez genukeen ukatuko eta, modu berean, publikoari osasunarentzat kaltegarria dela ohartaraziko genioke.

4. Zein izan daiteke auto-erregulazioaren abantaila iragarleentzat?

Auto-erregulazio erakundeak publizitate erreklamazioak sahiesten ditu. Hobeto esanda, aurreikusten ditu argitaratu aurretik. Modu honetan, iragarleek ziurtatu dezakete iragarki batek gizartean izango duen eragina egokia izango dela.

Beraz, erakunde honek iragarki bat ez-zilegia denean, iragarlea abisatuko du eta beharrezkoak diren aldaketak egingo dira. Auto-erregulaziokoek iragarki baten zilegitasuna bermatzen dute.

5. Publizitatearen profesionala zarenez gero, non kokatuko zenuke zure burua: protekzionismo osoaren muturrean (publizitate guztia estatuak erregulatuta) ala askatasun osoaren muturrean? Aldatuko zenuke iritziz hiritar sinplearen ikuspuntuan jarrita?

Nire ustez, publizitatea librea eta mugarik gabekoa izan beharko litzateke. Publizistek ez lukete oztoporik izan beharko haien lana burutzerako orduan. Lehen aipatu dudan bezala, osasunerako kaltegarria den zerbait iragartzen ari bada, noski, kalteei buruz hitz egin beharko litzateke. Nik jarriko nukeen muga bakarra zera da: inor ez engainatzea. Hau da, zure produktuari buruz zintzotasun osoz jokatzea.

Hiritar sinple baten ikuspuntutik, uste dut erdiko puntu batean egongo nintzatekeela. Hala ere, iragarki bat ikusita diskriminatuta sentituko banintz, dudarik gabe erreklamazio bat burutuko nuke.

No hay comentarios:

Publicar un comentario